2012-2013 ikasturteko irakasleen langileak "beti bezala" antolatzen ari direla ziurtatu du Isabel Celaa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, hau da, Madrileko Gobernuak onartutako murrizketak aplikatu gabe. Murrizketen kontra errekurtsoa aurkeztuko du Jaurlaritzak.
Horixe izan da Celaak Arantza Aurrekoetxea EAJko legebiltzarkideak egindako galderari emandako erantzuna. Jeltzaleak Hezkuntza Sailak murrizketen harian zer egiteko asmoa duen galdetu dio.
Horrez gain, Aurrekoetxeak "murrizketak" egin izana leporatu dio Celaari, eta murrizketa horiek ezkutatzeko "Rajoyren murrizketez" ez hitz egiteko eskatu dio.
Jose Luis Alvarez Santacristina ('Txelis') ETAko buruzagi ohiak uko egin dio EHUko hitzaldian parte hartzeari. Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen barnean, ''Bizitzeko Barkatu" izeneko mintegian zen parte hartzekoa 'Txelis'.
Jardunaldietako antolatzaileen gertuko iturriek jakitera eman dutenez, Txelisek bertan parte hartzeari uko egin dio, ohar baten bidez. Bertan azaldu duenez, ez du inor mindu nahi.
Ordu batzuk lehenago, gainera, espetxeetako iturriek jakinarazi dute 'Txelis'ek ez duela mintegi horretan egoteko baimen eskaerarik egin. Gobernuak ere partehartze horren kontrako jarrera agertu du arratsaldean.
Ertzaintzak 33 urteko gizonezko bat atxilotu du Ortuellako Lasagabaster Kalean aparkatuta zeuden autoen aurka talka egin ostean. Gertakaria goizaldeko 05:30 aldera gertatu da.
Bertaratutako ertzainek Renault Laguna batek karrozeria hondatuta zeukala konprobatu dute. Gidaria aparkatzen saiatzen zegoen bitartean inguruko autoen kontra talka egiten zuen.
Auto gidariari bi alkoholemia proba egin dizkiote: lehengokoan 0,71 miligramo eman ditu eta
bigarrenean 0,70. Atxilotzerakoan oso oldarkor agertu da, ertzainak iraindu eta patruila-autoaren leihatila bat hautsi du. Gidariak buruan ebakia egin eta laguntza medikoa jaso du.
Haur lapurtuen auziarekin ustez lotutako hirugarren hobia ireki zuten Donostiako Polloe hilerrian eta arrastoak aurkitu dituzte.
Hobia epaitegiaren aginduz ireki dute, eta, EITBk jasotako informazioaren arabera, zenbait arrasto aurkitu dituzte. Arrastoak Gipuzkoako hiriburuko auzitegiko institutu anatomikoan aztertuko dituzte. Ondoren, Madrileko Toxikologia Institutura bidaliko dituzte, proba gehiago egiteko.
Gaurko hilobia ireki aurretik beste bi ireki dituzte Polloen; bata, urtarrilean, Losa Ocariz familiak eskatuta, eta bestea, pribatua.
Moody's kalifikazio agentziak nota jaitsi die Espainiako 16 bankuri, tartean Santanderri eta BBVAri.
Kalifikazio agentziaren hitzetan, ''bankuek bere jardunerako dituzten kontrako baldintzak, Espainiaren kaudimen eskasa, aktiboen hondatze azkarra eta kapitalen merkatuetara heltzeko duten murrizketak'' dira jaitsieren arrazoiak.
Gainera, Kataluniaren, Murtziaren, Extramaduraren eta Andaluziaren notak ere jaitsi ditu
Europako Batzordea eta Europako Banku Zentrala larrialdiko estrategi berri bat planteatzen ari dira Grezia eurogunetik kanpo geratzekotan aplikatzeko, Karel de Gucht Europar Komisariaren arabera.
“Duela urte eta erdi domino efektua egoteko arriskua egon zitekeen”, azpimarratzen du Komisariak, baina, gaur egun Europako Banku Zentralak Grezia eurogunetik ateratzean sortuko ziren larrialdi egoerei aurre egiteko irtenbideetan lan egiten duela aitortu du.
Hala ere, de Gucht Greziak eurogunea uztearen aukerak “ez luke euroaren amaiera ekarriko”; baina zailtasunen hazkundea sortuko luke. Modu honetan, Greziak dituen akordioak betetzea eta eurogunean mantentzea aukera egokiena dela pentsatzen du.
Hildako sei haurtxoren gorpuak gordetzen zituen gizon bat atxilotu dute. Bangkok hiriko auzo txinatarreko hoteleko gela batean gertatu da. Thailandiako poliziak Choi Hong Hun izeneko 28 urteko taiwandarraren maleta ireki eta sei haurtxoren gorpuzkiak topatu ditu.
Choik onartu duenez, gorpuak 200.000 baht-engatik (5.200 euro) saldu nahi zituen interneten, beste taiwandar baten aginduz.
Poliziak oraindik ez daki gorpuak nondik lapurtu dituen. 2010 urtean, bestalde, abortuetako 2000 jaioberriren umekiak agertu ziren Bangkokeko fraide-barruti batean.
Barack Obama AEBetako presidenteak Etxe Zurian hartuko du Françoise Hollande, Frantziakoa, Europako krisi ekonomikoaz eta Afganistaneko trantsizioaz hitz egiteko, Camp Daviden egingo duten G8aren goi-bileraren atarian.
Obama eta Hollanderen arteko bilera 17:00etan hasiko da eta ondoren Hillary Clinton AEBetako Estatu-idazkariarekin elkarrizketatuko dira.
Gaurkoa presidente atzerritar batekin egingo duen bigarren bilera izango da Hollanderentzat, aste honetan bertan Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin bildu baita.
Ekainaren 2an III. Nazioarteko PlayStation 3ko FIFA12ko jokalarien Topaketa ospatuko da pertsona gorrentzat.. Topaketa Arabako Pertsona Goren elkartean izango da arratsaldeko 16:00etan eta 21:30etan bukaera izango du lunch batekin.
Izena emateko epea maiatzaren 26ra arte izango da zabalik, elkarteari komunikatuz: arabakogorrak@telefonica.net. Inskripzioaren prezioa 10 eurokoa izango da bazkideentzat eta 12 eurokoa bazkide ez direnentzat.
Rajoyren Exekutiboaren murrizketak...
0:43 min.
2012/05/18
ETAko buruzagi ohiak esan du gustura...
0:46 min.
2012/05/18
Mozkortuta zegoen 33 urteko...
0:42 min.
2012/05/18
EITBk jasotako informazioaren...
0:52 min.
2012/05/18
Besteak beste, Santander, BBVA,...
0:40 min.
2012/05/18
Grezia eurotik ateratzeak "ez...
0:59 min.
2012/05/18
Thailandiar batek, hildako sei...
1:07 min.
2012/05/18
Euroguneko krisia eta Iraneko...
0:50 min.
2012/05/18
Inskripzioaren prezioa bazkideentzat...
0:44 min.
2012/05/18