Zeinu Hizkuntza kurtsoak
Zeinutv_ko logoa

azken berriak

2024/05/07
24 urteko espetxe-zigorra ezarri diote Bilboko San Frantzisko auzoan 2022an bikotekidea hil zuen giz (1:25 min.)

Herri-epaimahaiak frogatutzat jo zuen gizonezkoak labankadaz hil zuela emakumea, San Frantzisko auzoan zuen taberna baten barruan. Apirilean egin zen epaiketa, eta auzipetuak hilketa aitortu zuen.

Audiorik gabe. 24 urteko espetxe-zigorra ezarri diote Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean, 2022ko abenduaren 28an, bikotekidea hil zuen gizonari. Bizkaiko Lurralde Auzitegian apirilean egin zen epaiketan, herri-epaimahaiak errudun jo zuen gizonezkoa, azpikeriaz egindako hilketa egotzita. Hori aintzat hartuta, epaileak 22 urteko espetxe-zigorra ezarri dio, azpikeriaz eta ankerkeriaz egindako hilketagatik, eta 2 urtekoa, tratu txarrak emateagatik. Akusatuak hilketa aitortu egin zuen epaiketan, eta epaileak hori aringarri gisa hartu du. Fiskaltzak 25 urteko kartzela eskatu zuen. Horrez gain, espetxe-zigorra amaitutakoan, beste bost urte zaintzapeko askatasunean igaro beharko ditu auzipetuak, eta biktimaren alabari 90.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio, erantzukizun zibilagatik. Herri-epaimahaiak frogatutzat jo zuen gizonak labankadaz —"18 labankada inguru", dio epaiak— hil zuela 47 urteko emakumea. "Ezustean" egin ziola eraso baieztatu zuten, emakumeak "bere burua defendatzeko inolako aukera izan gabe”.

2024/05/07
EAEko lau hondartza eta Nafarroako bat Bandera Urdinarekin saritu dituzte (1:25 min.)

Euskadin, Arabako hiru hondartza eta Bizkaiko bat saritu dituzte: Landa (Arratzua-Ubarrundia), Moskurio (Barrundia), Salurriaga (Burgelu) eta Bakio.

Audiorik gabe. Espainiak Bandera Urdin gehien dituen munduko herrialdea izaten jarraitzen du 2024an, 747 banderarekin. Horien artean, EAEko lau hondartzari eta, lehen aldiz, Nafarroako bati emandako banderak daude. Euskadin, Arabako hiru hondartza eta Bizkaiko bat saritu dituzte: Landa (Arratzua-Ubarrundia), Moskurio (Barrundia), Salurriaga (Burgelu) eta Bakio. Gainera, lehen aldiz, bandera urdin bat jarriko da Nafarroako Foru Erkidegoan, Gesalatz udalerriko Lerateko Badian. Espainia da hondartzetarako bandera urdin gehien (638) dituen munduko lehen herrialdea, Grezia eta Turkia atzetik dituela. Munduan Bandera Urdina duten hondartzen % 15 Espainian daude. 2024an, Espainiak iaz baino 18 bandera urdin gehiago lortu ditu: 638 hondartzetarako, 102 kirol-portuetarako eta zazpi turismo-ontzietarako. Bandera Urdina irizpideek hondartzetako biodibertsitatea babestea zaintzen dute, flora eta fauna ezagutzea eta balioestea sustatuz.

Ohar legala     Publizitatea